top of page

Arkitektura kontuak Xabier Barrutietarekin

Arrasteko Goienagusi elkarteak gonbidatuta Arkitekturaren erronka eta berrikuntza-ildoei buruz hitz egiteko aukera izan zuen Xabier Barrutietak.

BIDEOA:


ELKARRIKZETA:

Musika ikasketak ere badituen arren, umetan Lego piezekin jolasten zuen Xabier Barrutietak (Donostia 1978), pentagramak planoengatik aldatu zituen. Barru Arkitektura bulegoaren fundatzailea, EHUko irakaslea eta hainbat sariren irabazlea, jasangarritasunari arreta berezia jartzen dio bere diseinuetan.

Zein izango da gaur egungo eta etorkizuneko hirien arteko alderik handiena?

Hiriak beti dabiltza aldatzen, eboluzio iraunkor baten egoten dira. Etorkizunera begira nora joango garen jakiteko gaur egun gertatzen ari dena ulertu behar dugu. Arrasaten eman nuen hitzaldian egin nuen lehenengo gauza horixe izan zen, gaur egungo erronkak edo etorkizunera begirako galderak azaltzea.

Zeintzuk diraa egungo erronka horiek?

Gizarte bezala aurre egin behar diegun erronkak dira, eta horietan arkitektook badugu bai zeresana eta baita zeregina ere. Lehen erronka da urte gutxian Europan neutraltasun klimatikoa lortzea; kontutan hartu behar dugu hiriek aldaketa klimatikoa eragiten duten gas-isurien %40 sortzen dutela, gehienbat berokuntza sistemek sortutako isuriak direla-eta. Beraz, arkitektura energia-sortzaile izango da Energia Positiboko Eraikin eta Hiri-zelulak izango direlako. Energiaz haratago, kontzeptu hau lehengai eta elikagaietara ere zabaldu beharko dugu, horrela modelo zirkular baterantz abiatuz, non hondakinak berreskuratu eta berrabiltzea lehenetsiko den. Gaur egun obra batera eramandako materialaren %30 zabor bihurtzen da, eta hori ez da jasangarria. Hirigitzan mugikortasun pribatuaren ordezkoak diren beste ereduak ari dira sustatzen eta gailentzen; hiriguneetan garraio publiko garbia bakarrik onartuz, esaterako, edo bizikletak eta beste gailu elektrikoei bide emanez. Hamabost minutuko hirien kontzeptua indarra hartzen ari da, eta modelo horrek, eguneroko mugikortasuna murrizteaz gain, hiri espazioa oinezkoentzat berreskuratu, natura era nabarmenagoan hirian txertatu eta gertuko merkataritza eredu berriak asmatzea dakar. Honekin guztiarekin lotuta, lan egiteko espazioak ere eraldatzen ari dira: gaur egun horietako asko ez dira ez bulegoak, ezta etxeetan dauden tokiak ere, "hirugarren espazioak" deitzen direnak baizik. Starbucks efektua lanlekuetara ari da zabaltzen: bulegoak mahai eta bilera gelekin osatuta egon beharrean, elkarlanerako eremu malguekin daude osatuta, eta bezeroak edo bisitariak talde-giro horren parte bihurtzen dira. Horrek, era berean, talentua erakarri eta enpresaren marka eta balioak indartzeko ere balio du, besteak beste.

Arkitektura bera aldaketa garaian dago, ala beti da aldaketa garaia arkitekturan?

Arkitekturan ere, konstante bakarra aldaketa dela esango nuke. Arkitekturak berrikuntzak, teknologiak, material berriak jasotzen ditu bere eremura ekarriz berrikuntzak proposatzeko. Baina sarri arkitektura aldaketa-prozesutan azkena dator, oso kontserbadorea delako. Batez ere etxebizitzetan: hainbeste diru inbertitzen dugun zerbaitetan, ez dugu arriskatu nahi izaten eta ezaguna dena hobesteko joera dugu. Baina enpresen arkitektura korporatiboan edo eraikin publikoetan, adibidez, berrikuntza erradikalagoak egin ditzakegu, eta diseinua bera ere lagungarri izaten da berrikuntzak edo garai berriak islatzeko orduan.

Arkitektoek gizarteko debateetan egon behar duzuela aldarrikatu duzu.

Bai, eta hori irudikatzeko adibide bat jarriko dut. Digitalizazioaren gorakada dela eta, asko hitz egin da azken urteetan smart city edo hiri adimenduen inguruan. Enpresa teknologiko askok, haien produktuak saltze aldera, hiriaren ikuspegi berri bat sortzen zuten; esaterako sentsoreak jartzea faroletan zaborraren kamioia noiz igaro den, edo zenbat auto edo pertsona pasatu diren jakiteko... Teknologia gauza asko egiteko erabil dezakegu, baina ez badugu aurrez pentsatu eta diseinatzen zer eta zertarako nahi dugun, eskuetatik joaten zaigun zerbait da. Beraz, argi izan behar dugu helburua: gure diseinuen bidez pertsonentzat bizi-esperientzia interesgarriak eta bizi-kalitate hobea sortzea, eta horretarako teknologiak pertsonen zerbitzura jarri eta hiritar adimendunak, smart citizen-ak, behar dira.

Gaur egun arkitekto batek garai baten baino alor gehiago kontrolatu behar ditu?

Momentua konplexua da, baina atzera begira jartzen bagara, arkitekturan aldaketa oso sakonak izan direla konturatuko gara. Arkitektoak gai izan dira aldaketa horiek zetozela ikusi eta haien eremutik harago zeuden ezagutza eta sentsibilitate zabalagoak jasotzeko. Arkitektoak orkestra-zuzendariak gara hein baten. Gure eginbeharretako bat da diseinu batean egon daitezkeen alor guztien artean oreka bat jartzea. Proiektu bakoitzean alorren arteko lehentasunak ezartzea da gakoa: argiztapena, akustika, irisgarritasuna, materialen konbinaketa... Sakonki ez bada ere, arkitektoak denak ezagutu behar ditu, eta gero, erabakiak hartu.

Donostian egindako ikasketak Alemanian eta Suitzan egindako beste batzuekin osatu zenituen. Garrantzitsua da beste herrialde batzuetan gertatzen ari direnari adi egotea?

Niretzat oso garrantzitsua da beste arkitekto talde inportanteak egiten ari direna ezagutzea, baita unibertsitatetan ikertzen dutena ere. Kontutan hartu behar da badugula non begiratu eta ikasi. Nik Alemanian ikasi nuenean ikusi nuen hango ikasketa eredua hamar urte beranduago hona etorri zela. Beraz, atzerago egon arren beste herrialde batzuetan egiten dabiltzanaren berri izateak abantaila bat ematen dizu. Niri bereziki Europa iparraldean, Danimarkan, Alemanian, Herbehereetan, Suitzan... egiten ari diren gauzak asko gustatzen zaizkit. Horiek inspirazio dira hemen, eta azkenean, egin egiten dira. Adi egoteko, bidaiatzea edo hizkuntzak menderatzea abantaila bat da.

Zuretzat, zeintzuk dira diseinu batek bai ala bai jarraitu behar dituen irizpideak? Nondik hasten zara eraikin bat diseinatzen?

Lehenengo testuingurua dago, beti delako bakarra eta berezia: ezin duzu eraikin bat beste baten toki berberean eraiki, eta horrek berezkoak ditu orografia, paisaia, orientazioa eta klima, esaterako. Erreferentzia historikoak eta sozialak irakurtzea ere interesgarria da: tokian tokiko materialak, tradizioak ematen digun ezagutza... Ez kopiatzeko, funtzionatu duen horren berri ematen digutelako baizik. Egunerokotasunean, bestalde, planteatzen diren diseinuak bideragarriak izan behar dira; zerbait berritzailea bada behar bezala egikaritu daitekeela bermatu behar da. Berrikuntzak arriskuak hartzea dakar, baina hauek mugatzea funtsezkoa da. Horretarako merkatua ere ezagutu behar da eta posible bada industrialak proiektu fasean ere integratu, ideiak errealitatera oztopo handiegirik gabe eraman ahal izateko.

Orain arte diseinatu duzun zein eraikinekin zaude harroen?

Osoenetakoa Orona Ideo da, duen tamainaz harago, jasangarritasunaren ikuspuntutik eta diseinuaren aldetik duen koherentziagatik. Esango nuke etorkizuneko eredu bat aurreratu zuela eta oraindik ere eredugarri izan daitekeela: erakusten du diseinu jasangarria landuz energia fosilik gabeko eraikinak egin daitezkeela, eta hortaz, etorkizuneko Energia Positiboko Eraikinen eredutzat har daiteke. Angulas Aginagarentzat edo Sukia Eraikuntzak-entzat egindako proiektuak ere oso interesgarriak izan dira, egindako arkitekturaren bidez enpresek beren arima fatxada eta espazioetan islatuta ikustea lortu dugulako.

Posible da kalitatezko eraikin merkeak, edo ez oso garestiak, egitea?

Bai. Etxebizitza bat merkea edo garestia izan, egitura egitea, adibidez, berdin kostatzen da, prestazioak berberak izan behar direlako: eraikina ezin da erori. Etxebizitzaren salmenta prezioan aldagairik nagusiena eta gehien garestitzen duena eraikina egongo den lekua eta lurraren balioa dira; baina hor arkitektura diseinuak ezin du askorik egin. Beste hein batean, akaberak, domotika eta elektrotresnak-eta modu batekoak edo bestekoak izateak ere badu eragina prezioan. Materialak eurak ere ondo aukeratu behar dira, kasu bakoitzerako egokiak izan behar dira-eta kasu bakoitzean arazorik sor ez dezaten. Epe luzera, material merkeenak ez dira merkeenak izaten; izan ere momentuan garestiagoak izan daitezkeen material on batzuek, egonkorrek, iraunkortasun onekoek, epe luzera aldatzeko behar gutxiago ekarriko digute. Eraikitzeko era industrializatuak ere obra-prozesuak optimizatu eta eraikinen prezioa merkatzeko ildo interesgarri bat dira, eta hortik berrikuntza asko etorriko da ondorengo urteetan.

Pandemia hasierako itxialdia eta gero, etxean erreformak egiteko nahia agertu zuten askok. Zer erakusten du horrek?

Etxean gehiago bizi izan ginenez, egunerokotasun azkarrean garrantzia gehiegirik ematen ez genizkien gauzak garrantzitsuak direla gure bizi-kalitatean: argia izatea; gauzak ondo ordenatuta egoteko tokia izatea; lo egiteko, kirola egiteko, sukaldean gustura ibiltzeko, bulegotxo bat izateko edo eguzkiak joko duen espazio erosoak izatea... Horiek gure ongizatearen eta bizi-kalitatearen adierazgarriak dira. Jendeak bere etxebizitzak aztertu ditu eta aurkitutako gabeziak zuzentze aldera, ikuspuntu sortzaile batetik hobekuntza dezente egin ditu. Positiboa deritzot horri, arkitekturak gure bizitzetan duen inpaktua nabarmen geratu delako. Izan ere, azken finean, gure bizitzaren %90 eraikinen barruan pasatzen dugu.


Txomin Madina - Goiena

Comentarios


Entradas destacadas
Entradas recientes
Archivo
Buscar por tags
Síguenos
  • Facebook Basic Square
  • Twitter Basic Square
  • Google+ Basic Square
bottom of page